12 TRIBU

12 tribu info

12 Tribu izeneko euskal reggae taldearekin harreman berezia izan genuen hainbat urteetan. XXI. mende hasieran, gutxi ziren reggae musika egiten zuten reggae taldeak, eta gure esku zegoen neurrian, hauen berri ematen saiatzen ginen. 12 Tribu taldearen berri izan genuenetik, harreman ona sortu zen gure artean. Molotoff Irratiko saiorako gonbidatzen genituen eta hortik sortutako elkarrizketak komunikabide idatzietan plazaratzen genituen. 

Jarraian 2002. urtean eta 2006. urtean egindako elkarrizketak irakurri ahal dituzue. 
2002 urtekoan taldearen 2. diska aurkezten digute eta 2006koan berriz, hirugarrena. 



12 TRIBU - In It Together (2002, norberak ekoiztua) 

SARRERA 

Musikaren mundua merkatua baino askoz ere gehiago dela gogoratzera datoz 12 Tribuko lagunak eta lan asko eginda disketxeen bitartekaritzarik gabe diska kaleratu daitekeela ere erakutsi digute. Urteak dira jamaikar erritmoen maitale hauek lanean ari direla eta oraingoan lan horren bigarren emaitzarekin datoz. Ladis baxujolea eta Txato baterijolearekin aritu gara hizketan. 


ELKARRIZKETA 
E!: Aurrekoarekin gertatu bezala bigarren diska hau ere zuek kaleratu duzue inungo disketxeen laguntzarik gabe. Jakina da Jamaikan mafia musikala indartsua zela, Euskal Herrian ba al da horrelakorik? 

Ladis: Grabazio estudio batean grabatzea diru asko balio du eta guk nahiago izan dugu lehenengo diska grabatu genuen estudio berdinean grabatzea. Urrestillako estudioa teknikoki nahiko ondo dago eta guk behar genuenerako balio zigun, bestetik denbora aldetik guk nahi aina egon gara eta horri garrantzi haundia ematen genion. 

E! Bigarren diska honen grabaziorako gainera estatu mailan erreferente diren Loud & Lone-koen laguntza izan duzue. Nolakoa izan da harremana? 

L: Grabazioa egin eta gero pistak nahastea oso inportantea da eta Euskal Herrian ez dago reggae-a guk nahi bezala nahasten duenik. Santandergo lagun hauek 70. hamarkadako jamaikar soinu analogikoa lortzen dute eta horretan maixu dira. Asko ikasi dugu beraiekin eta pazientzia haundia izan dute gurekin. 

Txato: Hasiera batean grabazioa digitalean egin genuen eta Loud & Lone-koak ekipo analogikoa erabiltzen dute eta horrek arazoak ekarri zizkigun baina azkenean lortu genuen grabazioa txukun ateratzea, dub bertsioekin eta guzti. 

E!: "In It Together" da diskari jarri diozuen izenburua eta azalean palestindar bat eta judutar bat ageri dira. Zergatik? 

T: Azalako marrazkia Urrestillako Joxe Ramon Aristik egin zuen eta asko gustatu zitzaigun, palestindar bat eta judutar bat azaltzen dira eta horrekin beraien arteko gatazka elkarrekin konpondu behar dutela adierazi nahi genuen eta urruti egon arren gurearekin badu harremana. 

E!: Taldeko abeslari nagusia australiarra da berez eta zuen kantu gehienak ingelesez daude, dena den diskarekin batera dijoan liburuxkan kantuen euskarazko itzulpenak ere irakur daitezke. Zer garrantzi ematen diozue kantuen letra eta mezuei? 

T: Euskaraz idatzitako bi kantu ditugu eta gainontzekoak ingelesez kantatuak edo instrumentalak dira. Mark abeslariak egiten ditu ingelesez daudenak eta letrak erreibindikatiboak dira gehienetan, egunero ikusten duguna azaltzen dugu. 

L: Saiatu da euskaraz kantatzen baina oso zaila egiten zaio ahozkatzea eta horregaitik Txatok kantatzen ditu euskeraz daudenak. 

E!: Nolakoa da 12 Triburen zuzenekoa? Nik ikusitakoagaitik diskan baino azkarrago jotzen dituzue kantak zuzenean eta suposatzen dut hori gauza arrunta izango dela ezta? 

L: Bai, kontzertuak ez dira beti berdin ateratzen, jendearen eta giroaren araberakoak izaten dira eta baita gure egoerak ere eragin haundia du. 

E!: Diskaren aurkezpena egiten ari zarete orain eta lan zaila duzue aurrean besteak beste diskaren banaketa zuek zeuok egin behar duzuelako. 

L: Bai, oso lan gogorra da hori, atez ate joan behar zara diska aurkeztu eta promozionatzen. Beste mundu bat da hori eta asko erretzen du. 



----------- 
12 TRIBU - Rebel Inna Nazarin Street (2005, norberak ekoiztua) 

 


 

Jamaikar soinutik gertuago. 

80. hamarkadaz geroztik beti izan dira reggae taldeak Euskal Herrian. Ezagunagoak batzuk, itzalean gehienetan ez dute inoiz arrakasta komertzial handiegirik lortu (horren beharra dago?). Jamaikar reggaearen soinua bilatu izan da etengabe eta orain, 12 Tribu taldeak, kaleratu berri duen hirugarren diskoan, soinu hori lortzetik geroz eta gertuago dagoela frogatzen digu. Ladis baxularia eta Konsul abeslariarekin izan gara guzti honetaz mintzatzen. 

E!: 12 Triburen hirugarren diskoa kaleratu berri duzuena eta aurrekoak bezala, hau ere, auto-produkzioa izan da. Zer dela eta zailtasun hori diskoetxeen babesa lortzeko? 

K: Reggae musika gutxiengo batek entzuten duen musika da eta diskoetxeek ez diote jaramon handiegirik egiten. Zaila da reggae disko bat kaleratuko duen diskoetxea aurkitzea Euskal Herrian. Militantzia maila handia behar da. 

E!: 12 Tribu taldearen ibilbidea jarraituz gero garapen nabarmena atzeman daiteke lehen diskotik hona. Ziur gaude reggae zaletua ez den norbaiti diskoa jarriko bagenio taldea jamaikarra edo ingelesa dela pentsatuko lukeela. Zergatik ote? 

K: Euskal Herrian reggae egiten duten taldeen bigarren belaunaldikoak gara. Gure soinuak ez du Potato edo garai hartako euskal reggae taldeek egiten zutenarekin zerikusirik. Garai hartan reggaea udararekin, jaiarekin, patxangarekin lotzen zen. Reggaea urte osoan entzuteko musika da eta ez soilik udaran. 

E!: Hasieratik 70. hamarkadan Jamaikan egiten zen sustraizko reggaearen soinua bilatu duzue hasieratik. Nola lortzen da hori? 

K: Taldean partaide asko gara eta bakoitzak bere gustu musikalak ditu baina guztiei roots reggaea gustatzen zaigu eta soinu horren bila joan gara. 

L: Soinu hori lortzea ez da batere errexa. Hasieran, gure lokalean, gure makinekin lortzen saiatu ginen baina ezin. Orain, Santanderrera joan gara bertan duelako Roberto Sanchez musikari eta soinu teknikariak grabazio estudioa. Berari esker, neurri handi batean lortu dugu soinu hori. Garaiko instrumentazioa erabili dugu eta grabazioa analogikoan egin dugu. Horrela lortzen da soinu berezi hori. 

K: Roberto Sanchez izan da disko honetako gakoa. Lehen aldia zen grabazio estudio batean nengoela eta urduri nengoen hasieran. Robertok lasaitzen lagundu ninduen eta bere laguntzari esker oso gustura sentitu ginen diskoa grabatzen. Soinu teknikariaz gain abeslaria eta musikaria da, hainbat instrumentu jotzen ditu eta oso ondo ezagutzen du reggae musika. Estudioa Nazarin Street kalean kokatuta dago eta hortik dator diskoaren izena. 

E!: Zuen taldearen beste ezaugarrietako bat haize sekzioaren garrantzia da. Gutxi dira haize sekzio propioa duten taldeak eta hori pribilegio handia da. 

K: Bai, izugarrizko lana egin dute. Esperientzi handiko musikariak dira eta zuzenekoetarako ere indar handia ematen diote taldearen soinuari. Normalean, reggae taldeek zuzenean teklatuak erabiltzen dituzte haizeen soinua ordezkatzeko baina emaitza ez da berdina. Guk esfortzu handia egiten dugu banda osoa aritzeko. 

E!: Diskoko kantu gehienak bokalak dira baina bi instrumentalak dira eta beste bi dub bertsioak. Zer desberdintasun dago abesti instrumental eta dub bertsioen artean? 

K: Instrumentalak ahotsik gabeko kantuak dira eta gure kasuan haize sekzioen bakarlariekin. Dub bertsioetan abesti originala hartu eta nahasketa berria egitea zaio eta garrantzia erritmoari, baxu eta bateriari ematen zaio efektu batzuk gehituta. Soinu teknikaria da nahasketa egiten duena eta dub bertsioetan teknikaria beste musikaria da. 

E!: Kantu gehienak zuek konposatutakoak dira baina hainbat bertsio egin dituzue. Zergatik? 

K: Egin ditugun bertsioak asko gustatzen zaizkigun kantuak dira. Zuzenekoetan ere jo izan ditugu eta ondo geratzen zirenez diskoan sartzea erabaki dugu. Dennis Brown eta Gregory Isaacs-en kantuak asko gustatzen zaizkigu eta haien bertsioa egitea erabaki dugu, besteen artean. Neskei eskaintzeko abesti aproposa da Night Nurse. 

E!: Abesti gehienak ingelesez dira baina euskaraz kantu bat ere sartu duzue. Zaila da euskaraz reggaea egitea? 

K: Entzuten dugun reggae gehiena ingelesez entzuten dugu eta errazago egiten zaigu horrela abestea. Jamaikar reggaea egin nahi baduzu ingelesez egin behar duzu. Euskararekin saiakerak egiten ditugu baina ez da erraza reggaearen sonoritatera moldatzea. Lanean jarraituko dugu. 

ARITZ SOUND SYSTEM